2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

HAUR HEZKUNTZA GARAIA



Nire haurtzaroa momentu goxoz beterik oroitzen dut. Bizitzako lehen hiru urtetako une garrantzitsu asko haurreskola batean igaro nituen eta gero ikastolara joan nintzen.


Argazki honetan urtebete nuen eta oihalen artean jolasten ari naiz. Mantal hau jantzita pasatzen nuen goiza haurreskolan eta ostirala iristean etxera eramaten genuen. Orain oroitzapen onak datozkit burura mantalak ikustean.  

Argazki hau bi urte bete nituenean atera zidaten, eta kandelak itzaltzeko une dela dirudi. Haurreskolan, urtebetetzeetan denak borobil batean esertzen ginen zorionak zuri abestia abesteko, eta aldi berean urteak betetzen zituen gelakideak etxetik ekarritako bizkotxoa eta goxokiak banatzen zituen bere eguna denekin ospatzeko.

Ohera joateko ordua da! Bazkalostean pijama jarri eta lokuluxka txiki bat ( 2-3 ordu) botatzera joaten ginen gelan barruan zegoen logelara. Oheak bata bestearen ondoan zeuden eta bakoitzak berea zuen. Lokuluxka bota ondoren batzuetan batak bestea esnatzen zuen eta ederki pasatzen genuen andereinoa etorri arte.


Bistakoa da jale ona izan naizela betidanik eta lentejak ere gustatzen zitzaizkidala. 12:15 ak aldera bazkaltzeko ordua iristen zen, eta gelan zeuden hiru mahai luzeetan esertzen ginen bata bestearen ondoan. Gogoan dut mahai horiek asko gustatzen zitzaizkidala eta kexarik gabe jaten nuela.

Otsaila iristean iƱaiteriak ospatzen genituen ikastolan, eta adin berdineko haurrak berdin jantzita joaten ginen. Herriko pilotalekuan edo plazan elkartzen ginen haur guztiak dantza egiteko.  Niretzat urteko egun berezietako bat zen, jendaurrean dantza egiten genuelako eta emanaldi polit bat zelako. Lotsa alde batera utzi behar izaten nuen egun horretan eta barre eta algaz beteriko eguna izan ohi zen.

Urteko azken egunean denak baserritarrez jantzita olentzero ikusteko irrikitan egoten ginen. Gabon kantak abesten genizkion olentzerori ikastola barruan eta ondoren berarengana hurbiltzen ginen banan-banan muxu bat ematera. Emozioz beteriko eguna izaten zen hura. Guraso batzuk ere bertan azaltzen ziren haien haurrak ikustera.
Argazki hau txangoan joan ginenekoa da eta oso gogoko dut.Argitxoren bixera buruan jarrita poz pozik joaten ginen eguna pasatzera, eta etxera neka-neka eginda iritsi arren beti kontatzen genuen gertatutako zertxobait etxean.  Garai hartan lau urte genituen eta Maite zen gure irakaslea.

Udaberri aldera letxugak landatzen genituen ikastolako baratzean, eta ateratzen zirenean etxera eramaten genituen ilusio handiz etxean ikastolako letxugarekin entsalada goxo bat prestatzeko.

Ikastolako patioan ateratako argazki bat da hau. Goizean eta atsaldean jeisten ginen hona eta futbolean, sokan edo txirristaran gora eta behera ibiltzen ginen bakoitzak nahi zuen bezala. Ikastolako txokoetatik gehien gustatzen zaidana dela esan dezaket.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina